Menua

METAPOSTAren aurkezpena Ficod-en

2010eko azaroak 20

METAPOSTA, Euskadi Informazioaren Gizartean Planak sustatzen duen Interneteko postontzi elektronikoa eta dokumentu-gordailua, Madrilen azaroaren 16an eta 17an egindako azken Eduki Digitalen Nazioarteko Azokan (FICOD) aurkeztu zen. METAPOSTAko presidente eta Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntzako zuzendari Xabier Sabalzak ekitaldia aurkeztu eta gero, METAPOSTAko Zuzendaritza Teknikoko kide Aitor Orobengoak eta Iñaki Suárezek eta zuzendari kudeatzaile Aitor Velascok 2011ko lehen hilabeteetan abian jarriko den zerbitzu horren ezaugarriak zerrendatu zituzten FICODen tailer batean.

Proiektua aurkeztu zenetik gaur egungo konfiguraziora iritsi arte METAPOSTAk izandako lau urtetik gorako ibilbidea agertu zuten tailer horretan Suárezek eta Orobengoak; proiektu hori Danimarkako e-Boks deritzon ereduan inspiratuta dago. Erabateko legaltasunari, segurtasun osoari eta doakotasunari dagokienez, estatuan proposamen aitzindaria dela gogorarazi zuten METAPOSTAko teknikari arduradunek. Halaber, ekimena EAEn administrazio elektronikoa garatzeko politikaren barrukoa dela eta Interneten erabileraren, jakinarazpen/sinadura elektronikoaren eta artxibo elektroniko seguruaren elementu eragile gisa finkatzen dela azaldu zuten.

Orobat, txosten horretan adierazi zutenez, METAPOSTA akziodun publiko eta pribatuz osatutako sozietate anonimoa da, eta hainbat finantza-erakunderen, telekomunikazio- eta energia-enpresaren eta euskal erakunderen babesa dauka jadanik, horien dokumentazioa webgunearen bitartez igorriko baita.

Proiektu horren abiarazteari azkena ematen ari dira, eta prestakuntza-ikastaroen bitartez proiektuaren abantailak hedatzeko KZguneen sarearen laguntza izango dute, etorkizuneko erabiltzaileei zuzeneko alta emateko aukera eskaintzeaz gain. METAPOSTAren erabiltzaile bilakatzeko beste bi aukera ere badaude, Idazkaritza Teknikoko kideek agertu zuten bezala; batetik, e-NANaren edo Izenpe txartelaren bitartez, eta bestetik, erakunde laguntzaileek emandako on-line inskripzio bidez.

Jarri gurekin harremanetan

Astelehenetik ostiralera artatzen zaitugu, 9etatik 19etara. Honako kanal hauen bidez jar zaitezke gurekin harremanetan:

Jarraitu gaitzazu sare sozialetan: